Sei gazte atxilotu dituzte Getxon
argazkiak: Carlos García Pozo
MOBILIZAZIOAK : egunero (inkomunikatuta dauden bitartean), 20:00, Telletxe, Algorta
Gaur goizaldean Espainiako Poliziak 6 gazte atxilotu ditu Getxon: Lander Labajo, Aner Mimenza, Josu Rodriguez, Joseba Elorriaga, Mikel De Gregorio eta Txomin Gezuraga. Atxiloketak Garzon epailearen aginduz burutu dira eta kale-borroka eta ETArekin lotura izatea leporatzen diete. Atxilotzeko aginduaren arabera 2005.07.21 - 2007.07.28 arteko kale borroka ekintzak burutzea leporatzen diete.
Atxiloketa batzuk oso bortitzak izan dira. Daukagun informazioaren arabera Landeren etxean GEO taldekoak sartu dira atea lehertarazi ondoren. Mikelen etxean, aita eta anaia esposatuta eduki dituzte etxeko eskaileretan.
Poliziek esan dutenez, atxilotuak Indautxuko polizia-etxera eraman dituzte. Baina atxilotu baten gurasoak bertara joan direnean dagoeneko Madrilera eraman dituztela esan diete.
Guztien etxeak goitik behera miatu dituzte, eta kasu guztietan ordenagailuak eraman dituzte.
Koska Irratiak (108.0 FM) jarraipen berezia egingo dio gaur egun osoan gai honi.
Lander Labajo bizi den baserriak etxebizitza bi ditu. Poliziak beste atea lehertarazi eta bertako bizilagunaren gainera bota dira ohean bertan, BESTEAK NON DAUDE! etengabe errepikatuz. Dena miatu dute, 05:00 edo 06:00ra arte, idazkari judizialik gabe.
Mikel de Gregorioren etxean ere oso sarrera bortitza egin dute. Zaratak entzun eta etxekoek zer gertatzen ari zen ikusteko atea zabaldu dutenean poliziak atea botatzekotan zeuden. Gero aita eta anai gaztea esposatuta eduki dituzte etxetik aterata. Idazkari judizialak 45 minutu beranduago iritsi da, bitartean dena miatzen ibili direlarik.
Joseba Elorriagaren etxean idazkaria izan da, baina ezin izan dute jakin zer eraman duten, etxekoak kanpoan izan dituztelako.
Aner Mimenzaren etxeko atea mailu batez botatzen saiatu dira. Gero, amaren ordenagailua eraman dute.
ATLAS agentziaren bideoa : hemen
INKOMUNIKAZIOA = TORTURA
ATXILOTUAK ASKATU!
ERREPRESIORIK EZ!
ASKI DA!















